Hutsune batetik sortu zen Marabilli. Aitzol Aramaioren bat bateko heriotzak eragindakoa. Lagunek haren espiritu baikorrak gurekin jarrai zezan nahi genuen, eta familiari dolua igarotzen lagundu. Adiskideak bildu eta aspaldiko asmo bati forma eman. Zergatik ez diziplina desberdinak jasotzen dituen jaialdi bat egin Ondarroan?
Azkenean, gu geu, lagun taldean, zinegile, musikari, idazle, aktore, komikigile edo besterik gabe kultura zale ginen eta elkarrekin ibiltzen ginen kulturaz hitz egin eta gozatzen. Jaialdia, sormen prozesuaz ere arituko zen, ez soilik emaitzaz. Nondik sortzen da liburu bat, zerk pizten du film bat egiteko gogoa, eta kanta baten doinua, nondik dator?