1940ko 'Thanksgiving' egunean Jose Antonio Agirre lehendakaria New Yorken izan zen. Erbesteratua zegoen hemen orduan, Francorengandik ihesi. Egunerokoan kontatzen du Mari emaztearekin eta seme-alabekin batera joan zela Macy’s erostetxe handiak antolatutako desfile erraldoia ikustera. Orduan ere jendetza biltzen zen hiriaren erdialdean. Gero, Valentin Agirre euskaldunaren jatetxera joan omen ziren bazkaltzera. Baina ez zuten indioilarra jan, estatubatuarrek ohitura duten bezala, gauza ezaguna da hori esker emate egunaz ari bagara. Ez, horren ordez piper beteak bazkaldu zituzten, Errioxatik ekarritako ardo goxoaz lagunduta.