Walter Benjaminek esan zuen hiri handien asmakizun gorenen artean dagoela oinezkoa, esan nahi baita, oinezkoaren ideia. Hots, norabiderik gabe eraikinen artean dabilen gizakiarena. Oinezkoak ez du horrela jomugarik, soilik oinez egiten du, hiriko karriketan barrena, kale kantoietan bihurgunea hartuz, ausaz. Hiririk gabe ez legoke oinezkorik Benjaminen aburuz, ezta oinezkoaren begiradarik. Eta begiratu horretatik sortu omen dira literatura lanik onenak, ibilaldi aspertu horietatik.