Auzoan zabaldu berri duten kafetegira joan gara semea eta biok etxeko lanak egitera. Semeari gustatzen zaio ordenagailua zabaldu eta hantxe egitea lanak, “nagusien modura”. Kafetegi berria frantziar estilokoa da, antzinako itxurako mahaiekin, loreekin eta, atsegina. Ordenagailu eramangarria atera dugu eskolako lanei ekiteko. Halako batean, zerbitzaria hurreratu zaigu esanez kafetegia ordenagailurik gabeko gunea dela. Eta mahaiko lore-sortan eskegia zegoen txartelari begiratzeko galdegin digu. “Leku hau ordenagailuetatik libre dagoen tokia da. Nahi baduzu liburu bat zabaldu eta egon zaitezke luzaroan hura irakurtzen, ala hitz aspertuan lagunekin, baina mesedez hemen ez teklatu”. Horixe zioen txartelak. Beraz, lotsatuta, ordenagailua itxi eta motxilan sartu dugu, eta txartelak zioen bezala berbetan aritu, kafesneaz, txokolateaz eta opilez gozatuz.