urpekoBONBARDA #004
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.
Laugarren saio honetan azken errepasoa emango diogu 2020ko diskoei, honakoan arreta emakumeek ondutako jazzean jarrita.
Urteko Onenen zerrendetan gailurrean izan dira entzungo ditugun lanetako batzuk. Maria Schneiderren "Data Lords" ezin dotoreagoarekin abiatuko dugu saioa, eta Laura Jurd tronpeta joleak gidatzen duen Dinosaur laukoteak emango digu segida. Pop arima duen Laila Biali entzungo dugu gero, apur bat berezixeagoak diren bi lani bidea eman baino lehen. Ethno jazza jorratzen duen Thana Alexa bata, eta sustrai beltzak dituen Jyoti bestea. Afrikar doinuak aipatzen hasita, Sheila Maurice-Grey buru duen Kokoroko.
Molde klasikoan emandako bi kantu jarraian, atzera begirakoan emana bata, Ella Fitzgerald zenak Berlinen emandako zuzeneko bat plazaratu izanari esker batetik, eta itzal handiko musikari emakumez osatutako Artemis zazpikoteak emana bestea, "If It´s Magic", Steve Wonderren kantuaren berrirakurketa.
Bukatu baino lehen, gitarren txanda, eskarmentu handiko Kate Westbrook kantariaren bandaren eta itzal handiko Mary Halvorson gitarra jole gaztearen kantu banarekin. Eta azkenik, etxeko ordezkari, Haizea Martiartu saxofoi jolea, betiko euskal kantu batzuk jazz moldean berrirakurri dituena.
Eta gainera, Goizalde Landabaso kazetariak aspaldi-aspaldi Berria egunkarian idatzitako zutabe bat: "Shakespeare, punk, jazz".