Listen

Description

urpekoBONBARDA #147

Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa. 147. saioan, Jon Mirande zenaren olerki musikatuak dakartzagu, jaio zeneko mendeurrenean.

1925eko azaroaren 10ean jaio zen Jon Mirande Aiphasorho Parisen, orain ehun urte. Lanera bertara joandako zuberoar familia bateko kidea zen, eta gurasoek hasieran frantsesez apenas zekiten arren, ez zuen euskara izan ama hizkuntza. 

Lanbidez itzultzailea izan zen gizonak 20 urte inguru zituela hartu zuen euskara ikasteko erabakia, baita gauzatu ere -eleanitza zen, zinez-. Aurrerantzean zubereraz mintzatuko zen gurasoekin. Euskaltzain izateari izkin egin zion, baina euskara batuaren defendatzaile nagusienetakoa izan genuen.


1954an idatzi zuen bere nobela bakarra, “Haur besoetakoa”, kasik hiru hamarkada geroago plazaratuko zena, baina poesia landu zuen batez ere, paganismoa, sexua eta bortizkeria gai hartuta, jarrera nihilistaz. Eta asko dira bere olerkiak musikatu dituzten euskal musikariak. Urpeko Bonbardan aurkeztu ditugu batzuk.


Xabier Erkizia soinu artistak zuberoarraren hitzekin egitasmo berezi bat aurkeztu zuen, Elena Setien donostiar kantariarekin eta Grande Days taldearekin batera, "Mirande" (Forbidden Colours, 2020), sei olerki musikatu zizkion Ep-a: "Zergatik", "Igelak", "Eder bati", Eresi", "Jauregi hotzean" eta "Maitarzun". Azken honekin abiatu dugu saioa, eta gainontzeko olerki guzti-guztiak entzun ditugu gero, Elena Setienen ahotsean ez bada ere.


Azken Adarra Saria jaso duen Antton Valverde jaunak Miranderen bi olerki musikatu zituen "Larogeitamazazpi"diskoan (Elkar, 1997), aipagai izan dugun "Maitarzun" eta guk hautatu dugun "Ametsetariak"; eta Imanol Larzabalzenak, bere aldetik, greziar kutsua erantsi zion Georges Moustaki handiarekin batera kantatu zuen "Zergatik" olerkiari: "Zergatik ikasi ahaztekotz ikasiak oro?" ("Hori bera da denen ixtoria", Elkar 1996).


Jon Miranderen poemei arreta berezia jarri dietenen artean dago Oskorri bizkaitar taldea. Natxo de Felipek "Igelak", "Eresi" eta "Kattalin" kantatu zituen, azken hau "Hau hermosurie!" diskoan plazaratua (Elkar, 1984), baita zuzeneko bertsioan ere, 25 urteko bilduman.


Rock doinuetara etorrita, Miranderekin antzekotasunak dituen Niko Etxart aitzindariak -zuberoarra izan arren, Parisen eman zuen haurtzaroa- "Eresi" eta "Ortziren ttunttuna" kantatu zituen "Tumatxa" gogoangarrian (Elkar, 1983).  Geroxeagoko punk eztandak ere ez zuen ahaztu Jon Mirande. Hertzainak taldeak "Eder bati" musikatu zuen "Hau dena aldatu nahi nuke" bigarren lan luzean (Soñua, 1984), eta hauek bezala arabarra zen Danba taldeak "Eresi", "Plataforman" debut diskoan (Tsunami, 1989): "Itzalik ez, baikor, ez herabe".


Fiachras folk punk taldeak ez zuen zuberoarraren olerkirik musikatu, baina "Jon Miranderen kanta" ondu zuen "Hiltzera goaz" lanean (Bonberenea Ekintzak, 2010).


Saioa bukatzeko, bi ahots berezi izan ditugu Miranderen olerkiak ahotan hartu dituztenak. Batetik Beñat Achiary baxe nafarrarena, Pedro Soler frantziar flamenko gitarra jolearekin batera plazaratu zuen "Pres du coeur sauvage" diskoan (Al Sur, 2000) "Jauregi hotzean" abestu baitzuen -kantatua zuen "Igelak" ere, "Arranoak" lanean (Ocora-Radio France, 1988)-; eta bestetik, Maddi Oihenart barkoxetarrarena, Josetxo Goia-Aribe saxofoi jole bikainarekin batera argitaratu zuen "Ilhargi-Min" diskoan (Metak, 2003) "Igelak" kantatu zuen-eta.


Eta gainera, harribitxi bat ere badakargu, Josu Martinez zinemagileak aurkitu eta Joserra Senperena piano joleak musikatutako poema argitaratu gabea.


2024an "Mirande, film bat egiteko zirriborroa" dokumentala aurkeztu zuen Josu Martinez bilbotarrak -sarean dago ikusgai, Kanalduden-. Eta Olaso Dorrea Fundazioko artxiboetan, Parisen jaiotako zuberoarrak Telesfono Monzoni bidalitako gutun batean, poema argitaratu gabe bat aurkitu zuen.


Aipatu dokumentalak Joserra Senperena izan zuen musikaren arduraduna, eta honek, urtebete geroago, poema musikatu zuen Jurgi Ekiza baionarrak lagunduta: "Udazkeneko artsalde baten oroipena".



★ Support this podcast on Patreon ★