Kontxako 16 banderaren jabe, 8 arraunean eta beste 8 prestatzaile eta patroi lanetan. Txapelketa ezberdinak eta traineru ligak irabazi ditu Jose Luis Korta Elizondok (Orio, 1949) arraunlari, patroi eta entrenatzaile modura. 1980ko Moskuko Joko olinpikoetan diploma lortutakoa ere bada Oriotarra.Manu Maritxalarri "Idoloak" podcastean azaldu dionez, txiki txikitatik, oinak ibaian sartuta denbora gehiago ematen zuen lehorrean baino. Jolasean egiten zuen kirola, eta kirola bihurtu zuen gerora bere ogibide.Orioko Ortzaika auzoan jaioa, hori kolorea izan du ezinbestean bere bigarren azala urte askotan. Lasarte-Michelin, Kaiku, Castro, eta San Juango traineruetan ibili izan da tostan eserita, popan patroi edota motoratik arraunlariei aginduak ematen. Gaztetan, Kontxako estropadetako eguna izaten zuen egutegian azpimarraturiko eguna.Cantabriako Castron du etxea, handik batera eta bestera ibili ahal izateko. Ehiztari amorratua da eta telebistako saio mordoan ibili da, pantailan beste aldean dagoena bere jarrera bizi, bero eta maitakorraz entretenitzen.