Gernikako bonbardaketa izan zen 1937ko apirilaren 26an Gerra Zibilean Gernika hiri bizkaitarrak pairatutako hegazkin-erasoa. Erasoak jende zibilaren sarraskia eta hiriaren suntsipena eragin zuen. Luftwaffe naziaren "Kondor Legioa" eta italiar faxistaren Aviazione Legionariako hegazkinak ziren erasotzaileak. Operation Rügen (euskaraz: "Rügen operazioa") izenekoan, hildakoak 120 eta 300 artean[1] izan omen ziren; azken ikerketa sakonagoen arabera 126. Mendebaldeko herrialdeen begietara, Gernikakoa Luftwaffek egin zezakeen ‘bonbardaketa-terrore'aren adibidea izan zen, eta halako ekintzak egiteko prestatuta zegoelako froga zen[2]. Bonbardaketa Pablo Picassoren gerraren aurkako margolan famatuaren gaia izan zen. Frankistek triskantza bat baimendu zuten, Euskal Herriaren kontra.