Zer den ihes-puntu bat: beste edozein egoeratan amorragarri egingo
litzaioke atea zabaltzera altxa beharra, batez ere afalondoren. Baina barruak
irakiten dituenean norberak, ustekabeak eskertzekoak izaten dira; iheserako
aitzakia. Lasai altxa da Lopetegi jauna besaulkitik, eta whiskiaren zorabio
gozoak lagundu dio ateraino.
Zabaldu duenean, ordea, eztarria igo zaio ahora.
Alabak aldatuta du ilea: luze eta kiribildua gogoratzen zuen, baina
belarrien parean moztuta du orain, eta kolorea aldatuta. Bizkarrean poltsa bat
hartuta dator, eta keinu serio bat du iltzatuta aurpegian. Tarte bat eman du
berari begira. Azkenean, lan handiz, ateari eutsiz, bazterrera egin du, eta neska
sartu egin da pasilora.
Ez daki oso ondo nola jokatu. Denbora luzea da alabarekin harremana
galdua zuela. Are, denbora luzea da inorekin ez duela harremanik: jendearekin
egoten ahaztu zaio. Egongelaraino joan da bere atzetik, ia orpoak zapaltzen
dizkiolarik. Neskak ez die sokatik zintzilik jarraitzen duten 62 argazkiei begiratu
ere egin. Poltsa sukaldeko baldosa gainera erortzen utzi, eta besaulkian eseri
da. Nekatu itxura dauka.
Zerbait hartu nahi duen galdetu dio, eta kafe bat gustura hartuko lukeela
erantzun dio. Lasaitasun itxura eman nahi du, baina ez zaio erraza egiten:
mugimendu naturalak egin nahiean kafe-paketea erori zaio lurrera. Antzerkia
egiten ari denaren sentipena du, sosegatuegi mugitzen dela, edo azkarregi, eta
ez du urduri dagoenik adierazi nahi. Neskak, aldiz, ez du besaulkian zirkinik ere
egiten. Badirudi une batetik bestera lokartzera doala.
Kafe-kikara eskaini aurretik, bere whiski edalontzia hustu du harraskan.
Ur-txorrotaren zaratarekin batera zabaldu ditu begiak neskak. Hitzak bata
bestearen atzetik josi ditu, arrastaka. “Zure etxean geldituko naiz denboraldi
baterako, axola ez badizu”.
Burutik pasa zaizkio zenbait gauza: non egingo dezakeen alabak lo.
Bihar goizean zein ordutan jaiki beharko duen. Zein ordutan bazkalduko duten,
baldin eta elkarrekin bazkaltzea bada asmoa. Kezka hutsalak, bisitak barruan
sortu dion ezinegonarekin alderatuta. Ihes-puntu bat berriro ere; bere buruari
unean-uneko terapia egiten trebatuta dagoela ohartu da.
Kafeari hurrupa txikiak eman dizkio neskak, bero dago eta. Hori bai,
gogoratzen du: amak ohitura berbera zuen, bi eskuekin kikarari heldu eta
ahoaren aurrean edukitzekoa, hoztu arte. Erdi-irekitako leihotik haize-bolada
bat iritsi zaio ustekabean; alaba ere asaldatu egin da, leihorantz luzatu du soa.
Bi arazo ditu orain, Lopetegi jaunak.