Modu progresiboan eta asterik aste, mundu zabaleko milioika herritar halabeharrez ikasten ari dira itxialdiaren mandamentuak. Kalera ahalik eta gutxien atera, bakarrik beharrezkoa dena erosi, soilik osasun larrialdiengatik edo lan arrazoiengatik kotxea hartu. Baldintza horiek mantra antzeko bat bilakatu dira tokian tokiko agintarientzat. Italian bigarren astea bete dugu, eta, hau guztia amaitzen denean, psikologoen kontsultak topera egongo direlakoan nago. Izan ere, balkoietatik balkoietara, leihotik leihora bizilagunen gogo aldartea nola aldatzen ari den jabetzen ari gara.